Nafarroako Ardoen Ibilbidea

Nafarroako Erdialdea

Nafarroako Erdialdean paisaia leuntzen hasten da: mendiak biribildu egiten dira, muino eta sakon leuneko ingurua margotuz, klima epeldu egiten da eta euriak murriztu egiten dira; horrela, lurralde hori toki bikaina da mahatsak ekoizteko eta ardo onenak prestatzeko. Izan ere, bereizi ezinak dira Erdialdea eta ardoa, soroek mende eta mendetan eman duten aberastasun iturri nagusietako bat izan baita ardoa. Ardoa beti izan da bertakoen bizitzaren zati: mahastiak zaindu, mahatsak bildu eta upategiaz arduratu.

Inguru aparta sortzen da: lurraldearen oparotasunak bat egiten du jendearen izateko moduarekin. Mahats-bilketaz mintzo dira, mahatsaren balioaz… ardoaren kulturak blaitu egiten ditu euren bizitzak. Udazkenean, mahatsak bildutakoan, ardo usaina upategietarik atera eta kaleetatik zabaltzen da, giroa eta jendearen umorea kutsatuz. Nafarroako Erdialdea Zentzumenentzako plazerra bilakatzen da.

Ardoa Nafarroan

Nafarroako ardoaren bideak bertako upategi eta establezimendu hautapena biltzen du. Horien kalitate eta profesionaltasunari esker, ardoaren kulturan murgildu eta bizitzaren plazerak gozatu ahal izango dituzu.

Zure ibilbidea antolatzera gonbidatzen zaitugu. Bisitatu ehun urtetik gorako upategi kuttunak, modernoenak edo txiki eta familiartekoenak. Dastatu gure jatetxeetan, mahaia jantzi eta platerak biribilduko dituzten ardo apartak, lehiarik ez duen binomioa sortuko da. Hartu ostatu edertasun handiko udalerrietan, mahastien artean, eta sentitu zaitez etxean bezala.

Gozatu ardoarekin zerikusia duten aisialdiko jarduerekin: mahastien koloreak ezagutzeko horien artean oinez, bizikletaz edo zaldiz egindako paseoak; erreparatu begiratokietatik lurralde honetako oparotasunari; parte hartu dastaketetan gure ardoen ñabardura eta berezitasunak ezagutzeko…